Itzik Galili

 Tel-Aviven jaioa, Itzik Galili koreografoak 65 lan baino gehiagok osatutako obra sortu du, aniztasun paregabea erakutsiz. 1991z geroztik bizi da Herbehereetan, Amsterdamen bere proiektuak aurrera eramateko berak taxututako konpainia zuzentzen diharduela. Groningenen lan egin izan zuen Itzikek, NND/Galili Dance (1997–2009) konpainiaren zuzendari artistiko zela. Gero, Amsterdamera itzuli zen Dansgroep Amsterdam konpainia Krisztina de Chatelekin batera zuzentzeko (2009 eta 2010). Hainbat lan eklektiko sortu ditu, besteren artean: For Heaven’s Sake (2001), ME (2004), Exile Within (2006), Heads or Tales (2007) eta Bullet Proof Mama (2010).

Ondoren, konpainia ugarirentzat koreografiak sortu eta haiekin lankidetzan aritu izan da Herbehereetan eta atzerrian. Konpainia horien artean nabarmentzekoak dira: Stuttgart Ballet, Ballets de Monte Carlo, Bayerisches Staatsoper Munich, Gulbenkian Ballet, Scapino Ballet, NDT II, Batsheva Dance Company, Les Grands Ballets Canadiens, Royal Finnish Ballet, Bale da Cidade de Sao Paulo, Royal Winnipeg Ballet, Norrdans, Rambert Dance Company, National Dance Company Wales, Koresh Dance Company, Cisne Negro, Ballett Kiel, Ballet British Columbia, Aspen Santa Fe Ballet, Rambert Dance Company eta Het Nationale Ballet.

Itzikek jaso izan dituen sarien artean bereziki aipatzekoa da “Final Selection Culture Award (Phillip Morris)”, duen aparteko talentuagatik eta Herbehereetan dantzaren eta kulturaren arloan egin duen ekarpen handiagatik. 2006an, ‘Oranje Nassau’ holandar errege ordenako zaldun izendatu zuten. Argia garrantzizko osagaia da Itziken lanetan; bere lan gehienetan, argiteria koreografoak berak diseinatutakoa da eta kide dituen artistentzat ere jaso izan ditu eskariak.

A Linha Curva bere lana Rambert Dance Company-k estreinatu zuen 2009ko maiatzean, eta hiru sarirako izendatu zuten Erresuma Batuetan: Knights of Illumination (argiteria diseinuagatik), Critic’s Circle (koreografia moderno onenagatik) eta Lawrence Olivier (produkzio berri onenagatik).

Dantzaz Konpainiarentzat, 2008an “Earth Apples” berritu du eta 2011ko ekainean "Flash deluxe" obra sortu du.