ARTELEKU, Kristobaldegi 14. E-20014 Donostia – San Sebastián
T. +34 943 47 00 21 | e-posta: dantzaz@dantzaz.net
BERRIA
Benetako gertakizuna
Agus Perez
'Arte-an' Konpainia: Dantzaz. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: ekainak 24.
Ikusmin handia sortu du Dantzaz konpainiaren azken sorkuntzak, eta Iparraldeko zein Hegoaldeko kultur eragile askok nahi izan dute Arte-an ikuskizunaren estreinaldian presente egon, jakin bazekitelako benetako gertakizun artistiko baten lekukoak izango zirela.
Egitaraua jakituria handiz diseinatu da eta lehendabiziko lekuan Itzik Galiliren aspaldiko Earth Apples ikusi dugu. Orain urte pare bat ekarri zuen Dantzaz konpainiak israeldar jatorriko koreografoaren lan hau, eta bizipen gozoa izan da berriz ere ikustea Ama-lurrari eta bizirauteko gogoa duten gizaki zapalduei kantu egiten dien pieza erdi kolorista erdi telurikoa, nahiz eta, estreinaldiaren tentsioagatik akaso, azken ukituaren falta sumatu den taldearen afinazioan.
Hurrengo bi koreografiak –A Place between eta Flash deluxe– bereziki sortuak izan dira konpainiarentzat, eta horrek zalantza izpirik gabe frogatzen du Dantzaz-en proiektuaren erabateko sendotasuna. Lukas Timulak eslovakiarra konpainiako dantzarien egoeran inspiratu da A Place between sortzerakoan, eta tarteko leku batean, hau da, artean egotearen inguruko koreografia aratza eratu du, gizakiok maiz bizi ditugun ez-leku egoerak irudikatuz eta energia handiko mugimendu segidetan jarrera estatiko laburrak tartekatuz. Proposamen koreografikoa ez da lehenengo batean erraz barneratzen den haietariko bat, baina koreografoak emandako elementuak ondo kudeatuz gero, emozio sakonak eragin ahal ditu ikusle trebatuengan.
Hala ere, pausaren ostean etorritako pieza izan da gaueko izarra. Itzik Galilik sinatutako lan horretan ugariak dira hainbat gauzari egindako begi-keinuak, eta nabarmenena, dudarik gabe, Donostiako danborradari dagokiona da. Baina esandako hori tanta bat baino ez da izan koreografiaren aberastasun itzelean, eta haren parekideak izan dira Paxkal Indoren perkusio kementsua —txalaparta elementu nagusitzat hartuta— eta Yaron Abulafiaren argi diseinu indartsu eta zehatza. Konpainiako dantzariek, bitartean, beren gaitasun osoa erabili dute Galilik diseinaturiko pauso akrobatiko konplexu eta arriskatuak gauzatzeko, eta koreografoak bere ahalmen hipnotikoa baliatu du itxurazko anabasarekin eta iraupen laburreko ordenarekin etengabe jolasteko, ikusleen entusiasmoa piztuz eta haietariko asko besaulkitik altxaraziz amaierako txalo zaparrada berotsuarekin.
Noticias Gipuzkoa
Lurraren sakonetik katarsira 'arte-an'
Teobaldos – 2011ko ekainaren 30a, osteguna
Konpainia. Dantzaz. Zuzendari artistikoa. Adriana Pous. Zuzendari nagusia. Filgi Claverie. Egitaraua. Earth apples (coreografia Itzik Galili, Mercedes Sosaren musikarekin). A place between (Lukas Timulak / Santaolalla-Hauschka-Arvo Pärt). Flash deluxe (Itzik Galili/Precosa-Paxkal Indo). Lekua. Victoria Eugenia antzokia (Donostia). Eguna. 2011ko ekainaren 24a. Gorabeherak. Sarrera ona.
Aspaldidanik jarraitzen diodan konpainia honi buruz, beste ezer baino lehen esan behar da ikuskizun berri honekin beste maila bat igo duela dantzari multzoaren sendotasunean, norbanakoaren eta taldearen arteko doikuntzan eta elkar ulertzean, pausoen akaberan eta itxieran, bai eta mugimenduaren kontrolean ere. Azken finean, beste urrats bat eman du konpainiaren sestra teknikoan eta nortasunean. Aurkeztu dituen hiru koreografietan, sakontasun handiagoa dago eta mezua hobeto barneratu da Patatas (2009)– dagoeneko ikusia dugun lanean. Beste bietan, badira erronka koreutiko batzuk, dantzarien egoera fisikoa probatzeaz haratago, kinka latzean jartzen dituztenak tarte askotan ebakera bortitzekoak diren musikei dantzaren fraseatzea moldatzeko modua eta koherentzia bera. Hiru koreografiek ere –esan beharra dago–, benetan egitarau egokia osatzen dute: lur kolorea eta berotasuna, nolabaiteko arrazionalismo mekanizista batekin kontrastea eginez –bigarrenean–, eta hirugarrenaren burtzoroaldi talkaria.
Mercedes Sosaren ahots latzak bildu egiten du Earth apples-en (izenburuan galizismoa erabili da) Itzik Galili israeldarraren koreografia narratibo eta oso ederra. Guztia dago mezuarekin harmonian: lurreko lan ugaria –dantzariak ez dira ia altxatzen ere lehen laurdenean– neketsua eta zapaltzaile samarra, zutitzeko saialdi labur batzuekin; pataten joko errepikaria, material eskas eta funtsezko gisa erabiliak, edo uharriak edo jaurtigaiak bailiran; etxeko txabusinen hurbileko jantzi erakoak; eta eszenei darien hondoko zintzotasun eta gizatasun hori. Hori guztia, dantzariek –momenturik baikorrenetan– talde dantza trinko eta bikain batez erantzuten dioten Andeetako partxearen erritmo kementsuaren pean.
Aldiz, aurkeztutako bigarren lana, Lukas Timulak-en A place between, giro itxuraz argitan eta gorputz-mugimendutan hotzago bat erakustera datorkigu, non nagusi baitira asaldura eta aztoraldi pertsonalak, estetika zorrotz eta angelu zuzeneko batekin, batzuetan baita barrutik kanporanzko nolabaiteko zakartasun batekin, musikak inposaturik, jakina. Betiere arriskugarriak diren mugimenduak izanik, hortxe frogatzen du konpainiak bere kalitatea. Zazpi dantzari diziplinatuek simetrian erakutsi zuten koadratura bikaina izan zen. Baina ekitaldiak aurrera egin ahala, lanaren erregistro anitza agertzen zaigu, egoerak kontatzeko duen indarra, haren originaltasuna. Nesken binako pauso ispilu-irudiko mugimendua –argia, itzala– berebizikoa da. Eta amaiera-koadroa, hondoan Arvo Pärt-en musikaren “minimalismo mistiko” horrekin, erabat zirraragarria: binako pauso klasiko-erromantiko berritu bat bezalakoa da, aurkikuntza koreutiko kutunak dituela, burua besoa biltzen –eta ez alderantziz– egindako mugimendua, adibidez; edo belaunak orpoen gainean jarritako bukaera otoizlari hori.
Flash deluxe, Itzik Galilik konpainiarentzat sortutako koreografia berria, dantzalekura oldarka sartze menderatzaile bat da. Dantzariei halako atletismo bat ere eskatzen die. Herculesen indarraren antzeko zerbait dago perkusioaren mugimendu setatsu betiraunkorraren mende amore ez ematean. Eta baditu bere arriskuak. Izan ere, aurrez aldetik, badirudi erregistro koreografikoak –hasierako momentuak igarota– berehala agortuko direla. Perkusio setatiak ez du gonbidatzen jauzi irmoen indarraz eta zangartasunaz at fraseatzera. Baina, israeldarrak badaki, prestissimo sutuaren barruan, dantzarien gorputz emanei banako –edo binako, hirunako, etab.– ekarpenekin probetxua ateratzen, eta batez ere, dantzari multzoaren tutti-10 formazio distiratsuarekin. Eta argi oso ondo maneiatuarekin, norbanakotik multzoetara eta hauetatik osokora eramaten gintuela, jarraitutasun-etenik gabe, sarrerarik eta irteerarik gabe. Ikusleak ez du beste aukerarik, behinolako kontakizun haren zurrunbiloan sartzea baino, dantzaren bidezko katarsiaren zurrunbilo erritual, ia liturgiko, noizik behin biolentoan. (Le Sacre du printemps, guztiaren atzean?). Konpainiak bikain batekin erantzun zion erronkari. Adibide adierazgarri bat, sorbalda-aldera egindako jauziak; arriskua, oreka eta gorputz-menderatzea erakusten dituzte nabariki. Eta, bide batez esanda, a zer nolako ekarpena egiten ari zaien koreografo israeldarrak dantza garaikideari. (Oraindik txunditu egiten gara haren aberkide Hofesh Schechter-en Political mother gogoratuta). Txaloaldi latza, gora! oihukatzen eta jendea denentzat zutik jarrita, ikusi dudan ekitaldirik bitalista eta osatuenetarikoan.