• euskara |
  • español
  • ARTELEKU, Kristobaldegi 14. E-20014 Donostia – San Sebastián
    T. +34 943 47 00 21 | e-posta: dantzaz@dantzaz.net

    SARRITSASOA

    SARRITSASOA

    22. LEKEITIOKO KALE-ANTZERKI NAZIOARTEKO JAIALDIA

    Uztailaren 8an eta 9an. 2011

    21.00etan Isuntza Hondartzan (LEKEITIO )

    BERRIA

    Kritika DANTZA

    Itsasotik dantzaz

    ‘SARRITSASOA’ Konpainiak: Dantzaz eta Karkabia taldea. Koreografia: Josu Mujika. Lekua: Lekeitioko Isuntza hondartza. Data: Uztailak 8.

    Agus Perez

    Lekeitioko kale-antzerki jaialdiaren aspaldiko ohitura da festibalerako bereziki sortua den ikuskariren bat ekoiztea, eta aurten ere hala izan da Sarritsasoa lanarekin, Dantzaz konpainiaren zuzendaritza artistikopean. Izenak berak dioen bezala, proiektuaren asmoa zen itsasoaren presentzia nagusia eta Sarrionandiaren indar poetikoa batzea, eta emaitza ikusita, bete-betean asmatu dutela esan dezakegu. Eguneko argia bere azkenetan zegoela heldu ziren naufragoak itsasotik, herriko arraunlariek batel handi batean ekarrita eta, lehorreratu orduko, dantzaren misterioari ekin zioten, banaka gehienbat hasiera batean, bikoteka gero, eta giza multzo indartsuak sortuz beranduago. Kale-ikuskizun bati ezinbestean dagokionez, pisu handia hartu zuen jarduera fisikoak Josu Mujikak diseinaturiko koreografia konplexuan, eta dantzariek aukera ederra eduki zuten beren gaitasun itzela frogatzeko, jakitun zirelako hondarraren sendotasun falta eta jantzi ederretan hartutako ura arazo iturria izan zitezkeela mugimenduaren zehaztasunean. Hala ere, eta esandako zailtasunak gaindituta, maila bikaineko keinu-garbitasuna eta barne-energia erakutsi zuten uneoro, eta gero eta harrotuago zegoen harea ez zen oztopo izan dantzarien fintasunaz gozatzeko. Soinu-bandako kanta bakoitzak eta ikusleen txaloek ezarritako etenek zaildu egin zuten lanaren osotasunaz jabetzea, baina proposamenak bazituen beste alderdi aipagarri batzuk eta haien artean bereziki polita izan zen zuriz jantzitako umeen parte-hartzea, Gernikako bonbardaketatik edota gaurko miserietatik ihes egindako naufrago metaforikoei kontsolamendua emanez eta, beharbada, biziberritzea ere ekarriz. Lekeitioko Karkabia taldeko dantzariek ere naturaltasunez integratu ziren koreografiaren planteamenduan eta Dantzaz-eko kideekin batera itsasoratu ziren, apal-apal eta oinez, hildakoen omenez piztutako kandelak ur gainean utzita eta, Sarrik esan bezala, “olatuak betazalen moduan ixten ziren” bitartean.

    © 2009 Dantzaz Konpainia
    ARTELEKU, Kristobaldegi 14. Loiola Auzoa, 20014 Donostia
    T. +34 943 47 00 21 | E-posta: dantzaz@dantzaz.net